BILBOKO GARAGARDOA

PROIEKTUA

“Esku artean duzuna Euskal Herrian ekoiztutako artisau garagardoa da. Egungo lan merkatuaren logikatik at kokatzen den proiektu honek kooperatibismoa du oinarri. Dastatu eta zabaldu.”

Izarra garagardoa, Auto-kudeaketan eta Kooperatibismoan oinarritutako proiektua da. Bilboko Kukutza Gaztetxeko ametsen fabrikatik atera berri dugun garagardo honekin, lan, ekoizpen eta kontsumo eredu alternatibo baten bidea jorratu nahi dugu. Hau da, egungo lan merkatuaren logikatik haratago, herritik eta herriarentzat egindako proiektua bultzatzea dugu helburu.

Proiektuaren lehenengo fase honetan garagardoa ekoizteko prozesuan sakontzea dugu jomuga. Oinarrizko osagaietatik abiatuta, hau da, ura, garagar-malta, lupulua eta legamia, hasiera eta bukaera arteko prozesu naturala gauzatzen dugu. Pausoz pauso, garagarraren irintzetik hasita, mostoaren hartzidura arte, produktuen gehiengoa Euskal Herrikoak izanik. Gainera, ikuspegi ekologiko zabal batetik, produktuok eskuratzeko eta ekoizteko prozesuan, naturaren gaineko ahalik eta errespetu gehiena gordetzea exijitzen diogu gure buruari.